Ohorezko Mailarako igoera eskuratu zuenetik hilabete batera, hurrengo denboraldian lehiakide izango duen taldeetako baten kontra arituko da igandean
Getxo Artea Rugby taldea. Espainiako Kopako final laurdenetara sartzeko asmoz, Cajasol Ciencias hartuko dute Algortako Fadura kiroldegian hori-beltzek. Norgehiagoka 12:30ean hasiko da. Aurkari gogorra dugu andaluziarra. Hala ere, datorren kanpainari begira, Bryce Bevin-en mutilen indarrak neurtzeko balioko du partidak, klub getxoztarreko arduradunek adierazi dutenez. Gainera, kanporaketa partidu bakarrera izan arren, hasiera batean, Getxo Arteari mesede egiten dio Faduran jokatzeak. Tamalez, Brad Linklater eta Chris Eade zeelanda berritarrak ez dira norgehiagokan arituko; beraien herrikide Dan Snee, ordea, bai. Cajasol Ciencias taldeari irabaziz gero, AMPO Ordizia izango dute aurkari final laurdenetan getxoztarrek. Gainera, finalera helduz gero, baliteke hor gernikarrak zain izatea. Argazkian, jokalari hori-beltzak igoera ospatzen / © Getxo Artea Rugby Taldea.