Euskal Herriko Emakume Gazte Feministen hausnarketa-festa izango da bihar Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 18a, 21:19

Orain dela hilabete bat antolatu bezala, Euskal Herriko nesken hausnarketa-festa egingo dute bihar Zarautzen Jaiki Emakume Gazte Feministek. Alde teorikoari ekiteko, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jarri dute hitzordua goizeko 11:30etan. Aurkezpenen ostean, "Zerk batzen gaitu?" gaia izango dute eztabaidagai. Bazkalostean, ordea, "Neska gazteok zapalkuntza patriarkalari nola aurre egin?" hartuko dute hizpide. Baina, egunean zehar hainbat eztabaida burutu ostean, iluntzeko 8etatik aurrera parranda egiteko beta izango da gaztetxean bertan, Emakumeok Plazarakoen eskutik. Bertan lo egiteko aukera ere izango da.

Jaikiren oharra

Badator-badator, igartzen duzu? Prest al zaudete eztabaidatzeko eta ongi pasatzeko? Gu jada urduri gaude; irrikitan zuek guztiok larunbat honetan Putzuzulon ikusteko. Beti bezain indartsu etorriko zarete, ezta?

Azken orduko pare bat ohar aipatu nahi ditugu:

Larunbateko hausnarketa eta festa eguna erabat doakoa izango dela! Erdaraz esan ohi den bezala, "estamos que lo tiramos!". Jakingo duzuenez, egunez eztabaidan arituko gara baina iluntze aldera jaiari emango diogu hasiera Emakumeok Plazarakoen eskutik.

Ene-ene! Zenbat gauza atsegin prestatu dituzten emakume artista hauek! Artelan feministen erakusketa egongo da, laburmetrailen proiekzioa eta antzerkia. Eta hori gutxi balitz, Eutsi, Las Sexpears eta DJ Korta y Pega arduratuko dira gure aldakak gau guztian dantzan jartzeaz.

Horretaz gain, inongo eragozpenik izan ez dezazuen festaz gozatzeko, jakin ezazue, Putzuzulon lo egiteko aukera egongo dela. Beraz, nahi duenak lo egin, lo-zakua ekarri beharko du.

Ah! Eta ezinbestekoa izango da, gogo bizia eta gordeta duzuen irririk politena ekartzea!

Aiaiaiaiaiiaiiaiiiiiiiiiii! Gora gu! Aupa neskak! Larunbatean 11:30etan topatuko gara Putzuzulon!

Oharra: nahi duenak entzungai du atzo Irauli uhinak irratsaioan egin ziguten elkarrizketa (mp3). Aupa irauliko neskak ere!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun