"Ba ei zen ehizazale amorratua zen abade bat. Behin, mezetako une gorenean, kontsagrazioan, erbia ikusi zuen elizako atari aurretik igarotzen. Erbia, deabrua bera omen zen, elizgizona tentatzeko asmoz. Abadeak, bere lan sakratua bertan behera utzi eta ehizarako or edo zakurrak hartuta erbiaren atzetik abiatu zen lasterraldi bizian. Hori egin izanaren zigorra ezarri zion Jainkoak. Eta ordutik kondenatuta dago zerutik, atsedenik gabe, bere zakurrekin erbiaren atzetik ibiltzera. Edadekoen esanetan, neguko gauetan abade ehiztariaren txistuak entzuten dira, zakurrei deika, baita zakurren zaunkak ere".
Orain sei urte, abenduan, Mallorcako izarren behatoki batera eroan ninduen patuak. Bertan, gaueko zeru argitsuaren berri eman zigun Lluch-ek, adiskide musikari eta astronomoak. Konstelazioak seinalatzeko esku-laser txikiarekin Orion izenekoa bistaratuta ahala esan zigun: "Orion, edo ehiztaria, Europako herri ugarik deitzen dion legez, bere gerriko eta arkuarekin. Bere aurreko konstelazio biak Can Mayor eta Can Minor zakurrak dira. Horien aurreko konstelazioari erbia esaten zaio. Soilik neguan ikus liteke eta hemisferio bietan ageri denez, garrantzia handikoa izan da sasoi eta zibilizazio guztietako astronomoentzat". "Hara non dagoen gure abade ehiztaria", pentsatu nuen nire golkorako.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua