Udal Bilketa zerbitzuen sektorean dihardu Leioako
Gesmunpal enpresak. Langileek hiru ordezkari dituzte eta hirurak dira
LABekoak. Hain zuzen ere, bihar, asteartea, horien errebokazioa bozkatuko dutela salatu du sindikatu abertzaleak. "Urte bat pasa da delegatu atera zirenetik eta, ordutik, enpresaren jarrera oso txarra izan da. Azkenean, langileen sinadurak lortu dituzte errebokazio prozesua hasteko", azaldu dute LABeko iturriek. Horren aurrean, hiru ordezkariei elkartasuna eta babesa adierazteko idatzia plazaratu dute, inguruko enpresetako delegatuek sina dezaten. Besteak beste, Erandioko Cocina Central Goñi, Berangoko Alconza, Urdulizko Mecaner eta Getxoko zein Erandioko Udaleko LABeko ordezkariek izenpetu dute manifestua. Horretaz gain, bihar bertan, errebokazioaren egunean, kontzentrazioa egingo dute enpresaren aurrean. Hitzordua 17:30ean jarri dute, Leioako Jose Ramon Aketxe plazan.