Jipoia hartuta Kopatik at gelditu da Getxo Rugby

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 21a, 21:13

Getxo Artea Rugby taldea Espainiako Errege Kopatik kanporatuta gelditu zen atzo, Sevillako Cajasol Ciencias-en aurka 6 eta 48 galdu ostean. Faduran jokatutako partidan, andaluziarrak "askoz hobeak" izan ziren, getxoztarrek onartu dutenez. Zeelanda Berriko Linklater eta Eade jokalarien hutsunea nabarmena izan zen Bryce Bevinek zuzentzen dituen hori-beltzentzat, eta horren froga sevillatarrek lortutako zazpi entseguak dira. Cajasol Cienciasek "jokoaren alderdi guztietan gainditu" zituela onartu behar izan dute Getxo Rugbykoek. Dena den, jazotako galeratik datorren denboraldia, Ohorezko Mailan jada, prestatzeko egin behar dituzten etxerako lanak ikasi dituzte Fadurakoek: "lehiakortasuna handiagoa izan behar da, datorren denboraldian hoberen artean bikain moldatu nahi baldin bada". Argazkian, Bittor Aboitiz pinuetarra bi taldeetako jokalarien azpitik.

Getxo Rugbyk partidari eutsi egin zion lehenengo zatian, pare bat entsegu egiteko tenorean izan zela. Baina, bitartean Cajasolekoek hiru lortu zituzten, Bevinekoen defentsa akatsei esker. Bigarren zatian, berriz, etxekoek ezin izan zuten uholdea gelditu. Horrela, beste lau entseguen aurrean, Dan Sneek baliatutako bi eraso kolpek eman zizkieten erdietsi zituzten sei puntuak. Gauzak horrela, Getxo Rugby Espainiako Errege Kopatik at lotu da eta Ohorezko Mailan lehiatzeko taldea moldatzeari ekin dio.

Cajasol Cienciasen aurkako partida argazkitan (© Getxo Rugby)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun