Bere ondasunekin, batez ere petrolioarekin, geratzeko asmoz Europar Batasuna (EB) eta Estatu Batuek gezur kanpaina handi bati eman zioten, horretarako aitzakia bezala Libiako barne gatazka erabiliz. Lan horretan, beti bezala, komunikabide nagusiak beraien interesen arabera erabili dituzte, errealitatea desitxuratuz eta gertatzen ez dena egia bezala azalduz.
Adibide asko eman daitezke, baina bi azpimarratzeak merezi du: Gogoratu beharra dago, hasieran Tripolin zibilen aurkako bonbardaketak aipatu zituztela komunikabideek, gero gertatu ez zirela frogatu bada ere. Horrekin batera, deigarria da “Gadafik atzerriko mertzenarioak soilik zituela bere alde” esan izana, eta gero populazioaren zati handi bat gobernuaren aldekoa dela aho txikiarekin onartu behar izan dutela komunikabideek.
Guztiz salagarria da ere kasu honetan erabiltzen ari den moral faltsua; izan ere, Bahreinen eta Yemenen hango gobernuek, armarik ez dituzten bertako zibilen aurkako sarraskiak burutu badituzte ere, Libia orain erasotzen ari direnak ez dute inongo neurririk hartu, bere sasoian euren lagunak ziren Tunisiako Ben Aliren edo Egiptoko Mubarak-en aurka hartu ez zituzten bezela, hauek ehundaka zibil hil bazituzten ere. Era berean, Israelek 2009an 1.400 zibil erail zituenean Gazan AEBk eta Europar Batasunak erailketa hauen aurka ez zuten ezertxo ere egin. Argi ikusten da, beraz, askatasuna eta demokrazia defenditzea ez dela beraien helburua, Libiako petrolioa eskuratzea baino.
LABek Estatu Batuek eta Europar Batasuneko hainbat Estatuk Libiako herriaren aurkako eraso inperialistari bukaera eman diezaiotela exijitzen du eta Libiako etorkizuna Libiako herriak askatasun osoz erabaki dezala, bere aberastasunak eta herriaren gehiengoaren borondatea kudeatuz. Horretarako, momentu honetan Libiako herriaren alde eta eraso inperialista berri honen aurka mobilizatzera dei egiten diogu euskal langileriari eta Euskal Herri osoari, bat eginez erasoa salatzeko gure Herrian deituko diren mobilizazioekin.