Asteazken eta ostegunean ez du Algortako Ereaga hondartza garbituko
Getxoko Udalak. Asteburu honetarako,
Pakea Bizkaiak hainbat elkarterekin batera antolatutako
Itsas Ekimenean "laguntzeko" hartu du aipatu erabakia tokiko erakundeak. Ostiral eta larunbatean, ingurumenaren gaineko sentsibilizazio jardunaldiak egingo dituzte hareatza algortarrean. Lehenengo egunean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako haurrak arituko dira zaborra biltzen. Eta larunbatean, nahi duten guztiak. Garbiketa lanak bertan behera utziz, "hondakin gehiago aurkitzen" lagundu nahi ditu ikasleak Udalak, "ondoren horiei buruzko informazio zabalagoa jaso dezaten". "Parte hartzaileei ur hondakinen jatorria eta murrizteko erak azalduko dizkiete. Azkenik zaborra bilketarako udal zerbitzuak eramango ditu, horien tratamendua behar bezala egiteko", azaldu dute agintari getxoztarrek. Halaber, Udalak ekintzak eragin ditzakeen eragozpenengatik barkamena eskatu die hondartzako gainerako erabiltzaileei; baita ingurumena zaintzeaz kontzientziatu nahi duen ekimena ulertzea eta laguntzea ere. Argazkian, Getxo Surf Taldeko lagunak Barinatxe hondartza garbitzen artxiboko irudian.