“Aixe Getxo!” kultur saria eman diete 14 norbanako eta ekimenei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 22a, 13:03

Imanol Landa alkatearen eskutik jaso zuten atzo “Aixe Getxo!” saria udalerriko 14 norbanako eta ekimenek. "Kultur munduaren hainbat arlotan sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratu" nahi izan zuten, iluntzean, Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian egindako ekitaldiaren bitartez. Aldez aurretik ezagunak ziren saridunei ustekabean gehitu zitzaien Eugenio Gandiaga. Hunkituta, ikusle guztiak zutik eta txaloka zituela, Getxoko Kultur Etxearen buruan 27 urtez egindako lanagatik egin zioten aintzatespena. Gandiagarekin batera, beraien ibilbide profesionalagatik, Vicente Larrea eskultoreak eta Ramiro Pinilla idazleak (ekitaldira joan ezin izan zuena) saria jaso zuten. Gainontzeko sarituak honako hauek izan ziren: Getxophoto nazioarteko argazki jaialdia, Garbi Losada antzerki-egilea, Fernando Velazquez konpositorea, We Are Standard musika taldea, Willy Uribe idazlea, Jota Mas Ge (Juana Ruiz eta Garbiñe Urdampilleta) emakumezkoen moda enpresa, Bizkaia Zubia, Itsaso Arana sommelierra, Aitor Zabalgogeazkoa Mugarik Gabeko Medikuak GKEaren zuzendari nagusia, Xabier Uribe-Etxebarria enpresa gizona, eta Algortako Bertsolari Eskola (ALBE). Argazkia: © Getxoko Udala.

Trino Azkoitia ALBEko sortzailea saria jasotzen (cc-by-nc-sa Ilanda.info)



Ikusi ekitaldiaren irudiak (© Getxoko Udala):

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun