Goirizelaiak eta Zulueta egindako eskaeraren aurrean, "erabat" aurka agertu da Dolores Delgado fiskala, "epaiketaren atarian gertatu dela" argudiatuta. Bere hitzetan, "denbora nahikoa egon da zintak ikusteko". Beste bi abokatuak, aldiz, eskaerarekin bat egin dute. Bada, tribunalaren deliberazioaren ostean, astelehenera arteko atzerapena iragarri du Manuela Fernandez de Pradok, bideoen ikuskatzea "baliogarria ez" dela izan iritzita. Hala ere, zintak Auzitegi Nazionaletik ez ateratzeko agindu du, inkomunikazio aldian "atxilotuak zaintzen zebiltzan guardia zibilen irudia babesteko".
Arkaitz Goikoetxea getxoztarrari, Iñigo Gutierrez eta Aitor Cotano algortarrei eta beste lau euskal herritarrei ETAren "Bizkaia sarea" osatzea egozten diete. Lehenengoari, "Fernando Grande-Marlaska epailearen hilketa eta Benjamin Atutxa Eibarko PSE-EEko zinegotziaren bahiketa saiakerak" leporatzen dizkiote. Fiskaltzak 64 urteko espetxe zigorra eskatzen du Azkorrikoarentzat. Gutierrez eta Cotanori, berriz, 20 urteko kartzelaldia ezarri nahi diete, "talde terroristako kide izatea" egotzita. Horretaz gain, beste sei lagun daude auziperatuta, "Bizkaia sarea" osatzen zutelakoan. Beste laurak bezala, Frantzian espetxeratuta daude Aitor Artetxe Rodriguez eta Asier Borrero Toribio algortarrak, "epaiketaren zain", Europa Pressek aipatutakoaren arabera.