Igande honetarako, martxoak 27, berbatxango berri bat antolatu du Sopelako
Aitxu! euskara taldeak. Euskara erabiltzeko helburua bete nahian, oraingo honetan, Uribe Kostako erromanikoa ezagutzeko aukera emango dute, Armando Llamosas arkeologoak gidatutako bisitan. Gauzak horrela, Sopelako elizatik abiatuko da autobusa eta, Getxotik Bakioraino, eskualdeko hainbat eraikinetan geldialdiak egingo dituzte, aztarna erromanikoak ezagutzeko eta haien inguruan azalpenak jasotzeko. Bidaiaren amaieran, Bakion, euskara erabiltzeko eta egun pasa borobiltzeko bazkaria enkargatuko dute. Oturuntza ez da derrigorrezkoa, baina jatekoa bere kabuz eraman nahi duenak bueltatzeko autobusaren zain geratu beharko da, besteekin batera itzultzeko. Menuak 15 euro balio du. Bakiotik 18:30ean aterako dira. Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko ondoko telefono zenbakia jarri dute: 674 829 618. Gaur da apuntatzeko azken eguna.