Orain urte bat eta hiru hilabete langileek aukeratutako hiru ordezkariak, LABekoak guztiak, kargutik kentzea lortu zuen atzo Gesmunpal enpresak. Horien 21 lankide izan zituzten bidelagun tokiko arduradunek, errebokazioaren alde bozkatu baitzuten. 33 beharginetatik 31k botoa eman zuten: lehen aipatu baiezkoez gain, zazpik aurka agertu ziren, bi txuri bozkatu zuten eta baliogabeko boto bat atera zen. LAB sindikatuak salatu duenez, "amarruz" jokatu dute Gesmunpaleko buruek, errebokazioa aurrera eramateko. "Lehenik eta behin, dimititzeko eskatu zieten ordezkariei. Ondoren, lan baldintzen kaskartzea delegatuak aukeratu zirenetik eman dela iradoki diete langileei. Dirudienez, sariren bat ere agindu diete. Izan ere, orain arratsaldez lan egin behar izaten dute", azaldu dute lan erakunde abertzaleko arduradunek. Argazkian, LABeko beste 25 bat ordezkarik adierazi zieten elkartasuna Gesmunpaleko delegatuei.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!