Azken asteetan mozketa-lanak egin dituzte Musurietako basoetan, Barrikan. Ebaketa horretatik ateratako enborrak garraiatu dituzten edukiera handiko kamioiak Matrillune Bidetik pasatzen ibili dira, bide laburragoa egiteko asmoz. Aipatu kaminoa Plentziako auzo-bidea da eta kamioi horiek daukaten tona-kopuru altuaren ondorioz, erabat hondatuta geratu da, tokiko ezker abertzaleak salatu duenez. Orain dela aste batzuk, udaletxean aurkeztu zuten idatzia, hainbat argazkiekin.
Plentziako ezker abertzaleak zabaldutakoaren arabera, "Udaleko Bulego Teknikoak eta Udaltzaingoak egindako ikerketa bateratuaren ostean, kamioien enpresak aipatutako bidetik ibiltzeko baimenik ez daukala onartu dute". Bulegoan bertan esan omen dute enpresak bidea "berdintzeko" konpromisoa (hitzezkoa) hartu duela, lanak bukatutakoan. Ordezkari independentistek gaineratu dutenez, "konpromiso hau betetzen dela ziurtatu beharko dute udal teknikariek, eta teknikari horiek euren oniritzia eman ezean, Barrikako Udalean jarritako fidantza ez litzaioke bueltatu beharko kamioien enpresari". Amaitzeko, Matrillune Bidetik kamioiak ibiltzea "debekatuta" dagoela gogoratu du Plentziako ezker abertzaleak, "bidea mendi-hegal batean egonda, behera etortzeko arriskua baitago". Argazkia: © Plentziako ezker abertzalea.