Amumak elkarteak antolatuta,
Gabriel Aresti euskal idazle, poeta, itzultzaile, euskaltzain eta antzerkigile zenaren lana eta bizitza gogoratuko dituzte bihar, osteguna, Algortako Villamonte kultur etxean. Arratsaldeko 7etatik aurrera, "Gabriel Aresti Luma Zikina" 2004ko filmaren proiekzio irekia izango da. Ondoren, maila handiko mahai-ingurua izango da. Besteak beste, honako lagunek hartuko dute parte, batzuek zuzenean eta beste batzuek aurretik grabaturiko elkarrizketen bidez: Meli Esteban, Arestiren alarguna; Anjel Zelaieta irakasle ohia eta Arestiren bibliografoa; Xabier Kintana, euskaltzaina; Karmelo Landa, literatura irakaslea; Jon Kortazar idazle eta literatur kritikaria; eta Natxo de Felipe Oskorri taldeko partaidea. Aresti bere kabuz euskaldundu eta literatura euskaldunaren harribitxi preziatuenetarikoak utzi zituen. "Maldan behera", "Nire aitaren etxea defendituko dut", "Gora ta gora beti", "Harri eta Herri" dira adibide batzuk. Argazkian, Gabriel Aresti / cc-by-sa
Euskal Literatura.