Etxe Sorginduaren berrikuntza lanak amaitu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 23a, 23:42

Algortako Basagoiti Etorbideko 20. zenbakian dagoen Etxe Arrosa edo Etxe Sorginduaren zaharberritze prozesua amaitu berri dute. 1982az geroztik Getxoko Udalarena da eraikina, Eusko Jaurlaritzak izendatutako monumentuen multzoko kultur ondarea. Bi miloi euroko aurrekontua izan duten obrek etxearen egokitzapen funtzionala ekarri dute, barruko guneak ordenatuz, antolatze era berri batekin, eraikina ahalik eta gehien errespetatuz eta bere arkitektura-ezaugarriak mantenduz. Udal zerbitzu batzuen egoitzak izango dira bertan. Etxe Sorginduaren berrikuntza lanak 2007ko azaroan hasi ziren. Hala ere, 2008ko urrian lanez arduratuko zen enpresa berri bat bilatzea erabaki zuen Udalak, obrak agindu zitzaizkion sozietateak zegozkion denbora epeak bete ez zituelako, tokiko agintarien arabera. Aipatu enpresako arduradunek ordainketak eten egin zituzten eta, ateak itxi ala ez, administratzaile judizialen eskuetan utzi zuen azken erabakia. Horren aurrean, Gobernu Batzordeak, aipatu lanak ahalik eta lasterren berriz hasteko asmoz, enpresarekin zuen harremana amaitutzat ematea erabaki zuen eta epaitegira jo zuen. 2010eko erdialdean abiatu zituzten berriro obrak. Argazkian, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia Etxe Sorginduan / © Getxoko Udala.

“Getxoko eraikin ederrenetako eta bitxienetako bat berreskuratu dugu udal zerbitzu batzuetarako eta, horrela, gestioak egitera hurbiltzen direnean bere barruko egokituarekin gozatu ahal izango dute herritarrek; baita kanpokoarekin ere. Zaharberritzeari dagokionez, sartzea hobetu da, Basagoiti etorbidetik sarrera berria egin delako eskailerek zuten irisgarritasun arazoa konpontzeko; eta bi solairuak lotzeko igogailua jarri da. Etxea eguzki-energiaz hornituko da, energia-eraginkortasunerako eta jasangarritasunerako urratsa izanik”, azaldu du Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak. Fatxada zaharberritu da bere konposizio elementu guztiak beren jatorrizko materialetan berreskuratuz eta honako hauek mantendu dira: antzinako jantokia eta egongela zeneko sabaiaren eskaiolazko moldurak, zabaltzara heltzeko eskaileraren egitura eta egurrezko barrak, etxeko antzinako egongelaren lanpara...

Etxearen estiloaren eta izaeraren ezaugarria diren mosaikoak berreskuratu dira neurri handi batean. Sarrera nagusiko zoruaren mosaikoa desmuntatu eta behera eraman da, erdi-sotora. Bere ordez, kristalezko zorua jarri da eta horrela eraikin osoa ur naturalez hornituko da, sabaileihotik (gorago jarri dena) sartuko dena eta aipatutako erdisotoa ere argiztatuko duena. Horrek lehen ur natural eskasa zeukan. Lurra mugatzen duen hesia ere mantendu da, Getxon hoberen zainduta iraun duenetako bat.

Historia eta estiloa

Etxe Sorgindua Hego Amerikako hiri arkitektura zibilaren eredua da, koloniako erakoa. Estiloari dagokionez eklektizismokoa da, Frantziako barrokoaren, klasizismoaren eta arkitektura kolonialaren ezaugarri batzuen nahasketarekin. 1898an Jose Olozaga Gallarretak etxea eraikitzea agindu zuen. Maite Paliza Monduatek (1992) idatzitako “La Residencia Olozaga: Un ejemplo de la arquitectura de indianos en Bizkaia” liburuaren arabera, Olozaga Kubara emigratu zuen arotza izan zen. Han aberastu egin zen eta, bere emaztea, Maria Eugenia Velazquez Objia, Dominikar Errepublikakoa eta opera abeslaria izandakoa ezagutu zuen. Jabearen joera, izaera, janzkera, apaintzeko era eta zenbait ohitura ohiz kanpokoak eta bitxiak gertatu ziren XX. mendeko hasierako Getxoko bizimodu tradizionalean. Horrek eta beste bitxikeria batzuk, esate baterako, Maria Eugenia Velazquezek nahiko maiz etxearen goiko terraza gaueko errezitaldiak bat-batean antolatu izanak “Etxe Sorgindua” deitzea eragin zuten. Hala ere, Olozagatarren bizilekua etxe horretan noizbehinkakoa izan zen, udaldietan baino ez baitziren bertan izaten.

Hil ostean, bere oinordekoek 1927an saldu zioten Ramon Orendain Sarrieguirekin ezkonduta zegoen Maria Amann Martinez de las Rivasi. 1933an gizonaren heriotzaren ondoren eta 1948an emaztearenaren ostean, oinordekoek Luis Malo de Molina y Soriano eta Dolores de la Riva senar-emazteari saldu zieten. Garai horretakoa da Malo de Molinaren ezkutua, Algortako Etorbideari begira dagoen atzeko fatxadan dagoena.

1982an Getxoko Udalak erosi zuen eta arrosa kolorea eman zion eta horregatik pertsona batzuek “Etxe Arrosa” deitu zuten. Udal sail batzuen egoitzak han izateaz gain, Harriluze Elkartea (Harriluze Mundu Euskal Historiaren Elkartea) ere egon zen bertan. Gaur egun barruko eta kanpoko banaketa errespetatuz zaharberritu da etxea, horretan errazago sartu ahal izateko

Egilea eta lana

Francisco Ciriaco Menchaca 1841ean jaio zen Laukizen. Getxon 70eko hamarkadan bizi izan omen zen. Etxe Sordinduaren proiektua bere lanik nabarmenetakoa da, 57 urte zituela eginda. Bizkaiko toki desberdinetan burutu zituen hainbat proiektu, baina hain zuzen ere Basagoiti Etorbidean eraikitakoekin nabarmendu zen, hau da, Juan Luis Uriarteren etxearekin (1884) edo Villa Eugenia izenekoarekin (1897). Miguel Bautista Urresti e Ybarraren etxea ere egin zuen Algortan eta gaur egun existitzen ez diren Areetako eta Algortako erresidentzia asko, tartean, Felipa Bustingorriren Etxea (1901-1903) Areetako antzinako geltokiaren ondoan eta Juan Barasordaren Etxea Basagoiti Etorbidean. Era berean, aurretik Getxon proiektatutako eraikinetan eduki zuen esku-hartze arkitektonikoak ere nabarmendu ziren, hau da, Manuel Zubiagaren Etxearen erreformak (Avanzadan) edo Jose Araluceren Etxea Basagoiti Etorbidean....

Eraikin aparta da XIX. mendearen amaieran Getxon zegoen bizitegi-arkitekturaren barruan. Deigarria da garai horretako etxe batek erdi-sotoa, beheko solairua eta dorre txiki batekin terraza edukitzea (indianoek 1940an baino lehen eraikitako etxe gehienek bezala) eta terrazaren erremateak, egurrezko lurrak izan beharrean baldosak erabiltzea, goiko pisuak ez egotea eta zabaltzak jolasteko edo atsedena hartzeko erabiltzea ere. Azken hori Karibeko herrialdeetako auzoetako etxe aberatsenek eduki ohi zutenen antzekoa da, garai horretako Bizkaiko etxeen arkitekturan oso gutxi erabilia.

Kanpokoak gehiegi apaindutakoak dira, nolabaiteko estilo barrokoarekin. Fatxada nagusian sartzeko galeria handi bat diseinatu zuen Menchacak, puntu erdiko hiru arku handi eta horiek galdaketako zutabeen gainean jarrita, joniar kapitelekin. Barruan, erdisotoa ur-tangarako eta etxeko lanen geletarako (latsarri, lisatzeko, egurtegia…) erabili zen eta solairu nagusian sarrera-patioa zegoen, sabaileiho batek estalita. Hori etxearen bihotza zen eta handik geletara heltzen zen. Beren kokapenagatik, Erromako etxeen artium-a gogorazten du.

Ondoko irudiak zabaldu ditu Getxoko Udalak:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun