Manifestaziorako oharra: Gerra inperialistarik ez! Denok Bilbora!
Ekialdeko potentziek NBEren agindupean Libian buruturiko eraso militarren aurrean, Askapena, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC, Komite Internazionalistak eta Sare antifaxista taldeok honakoa adierazi nahi dugu:
Europar Batasuneko estatuek eta AEBek NBEren oniritzi hipokritarekin hasitako gerra salatzen dugu. Gatazkaren soluzio-bide honen ondorioak, beti bezala, populazio zibilak bere heriotza, sarraski eta miseriarekin ordainduko baititu.
Hasiera-hasieratik estatu hauek gatazka honetan edukitako jokabidea salatzen dugu: interes ekonomiko eta geo-estrategikoak beti jarri baitituzte defendatzen omen dituzten bake eta demokraziaren gainetik. Zentzu honetan, espainiar estatuaren jokabidea azpimarratu nahi dugu, 2010eko lehen seihilekoan 6.8 milioi eurotan baloratutako material militarra esportatu baitzuen Libiara. Gertuko adibide da, baita ere ITP euskal enpresa, iaz Libiarekin hegazkin militarren mantenu eta konponketarako lankidetza akordioa sinatu zuena.
Eraso inperialista berri honek aurreko eraso batzuk (Irak, Afganistan) gogorarazten dizkigu, energia iturrien (gasa, petrolioa) gaineko interes ekonomikoen kontrola mantentzea helburu baitute; horregatik berriro ere eraso inperialista gisa datorren nazioarteko esku-sartze hau salatzen dugu. Gerra hau baliabide naturalen espoliazioan oinarritutako kontsumo eredu kapitalista defendatzeko sortu da, epe motzerako pentsaera arduragabez.
Jendarte zibilari dei egiten diogu hau guztia sala dezan hurrengo larunbatean, martxoaren 26an, 18:00tan Bilboko Arriaga Plazatik abiatuko den manifestazioan.