Pasa den astelehenetik, "Berria" nazio egunkariaren agerkari elektronikoan,
Berria.info-n, irakur daitezke Uribe Kosta eta Erandioko albisteak. Izan ere, "Tokiko Informazioa" atalean, Berria.info-k zazpi "Hitza" egunkarien eta dozenaka herri aldizkarien informazioak biltzeari ekin dio, RSS jario elektronikoez baliatuz. Unean-unean, bertako menuan aukeratutako komunikabidean agertutako azken bost albisteak irakurtzeko aukera dago. Gainera, behin intereseko herri edo eskualdea aukeratuta, nabigatzaileak akorduan gordeko du, hurrengo saioetan bilaketa arinduz. Aipatu zerbitzua EKT-k osatzen duen Berria taldeak eta UKBERRI.NET kidea den
Euskaldunon Elkarteen Topaguneak sinatutako akordioan oinarritzen da eta kontrako norabidean ere jasotzeko aukera ematen du. UKBERRI.NETek datozen asteotan jarriko du martxan nazio albisteen gaineko zerbitzua. Argazkian, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak eta Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak sinatu zuten akordioa / cc-by-nc-sa Dani Blanco - Topagunea.