Asteartean, hilak 29, Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 19. edizioan arituko dira Ipar Uribeko bertsolariak. Hitzordua Derioko Txorierri institutuan izango dute, goizeko 11:30ean. Bertan, tokiko inprobisatzaileak Durangoko eskuadraren aurka lehiatu beharko dira. Derion irabaziz gero, gure eskualdekoek Enkarterri eta Busturialdearen arteko demaren irabazlearen aurka egin beharko lukete apirilaren 6an, Durangon. Orduan nagusituko balira, finala izango lukete apirilaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian. Oraingoz, Taket Mungiako bertso-eskolak, Larrabetzuko bertso-eskolak eta ALBE Algortako Bertsolari Eskolak ez dute jakinarazi zeintzuk izango diren parte hartuko duten sei gazteak. Aurreko bi edizioetan ALBEko kideak igo dira tauletara, irabazle eta bigarren, iaz, geldituz. Argazkian, ALBEk irabazi zuen 2009ko sariketa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!