Aingeru Epaltza bisitatuko du Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoa iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 24a, 17:58

Aingeru Epaltza idazle iruindarra izango da gaur arratsaldeko 8etan Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan. Egizu! Getxo Euskaldun elkarteak antolatuta, Epaltzaren solasaldiak "Izan bainintzen Nafarroako Errege" 2009ko liburua izango du hizpide. Fikzio-historiko hori "Mailuaren odola"-ren bigarren zatia eta bertan Epaltzak "XVI. mendeko Nafarroako Erresuma gertutik bizitzeko modu aparta" ematen du, "euskaldunon historian murgiltzeko modua", literaturazaleek azpimarratu dutenez. Ohi legez, Algortako Karitate kalean dagoen Aldai Patronatuan izango da hitzordua. Epaltza Kazetaritzan lizentziatua da. "Deia", ETB eta "Navarra Hoy" hedabideetan ibili ondoren, Nafarroako Gobernuko itzultzailea da. Bitartean, Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari eta Nafarroako Euskararen Kontseiluko ordezkaria izan zen, baina Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin ezadostasunak zirela eta kargua utzi zuen. Idazle gisa 13 liburu kaleratu ditu, haietako sei eleberriak dira, tartean gaur mintzagai izango duena eta beste lau haur eta gaztetxoentzakoak.

Liburuaren sinopsia

Horra Paris, mundu unibertsoko hiriburua, horra Frantziako erregeren gortea, handikeria, mirari eta desmasia guztien gertalekua: diplomaziaren borrokaldi finak eta kaleko ezpata-ukaldiak, arerioen pozoiketak eta ohe-lagunen trukaketak. Parisera abiatu da Henrike Nafarroako printzea eta higanoten burua, Frantziako errege katolikoaren arreba Margaritarekin esposatzera, eta berarekin darama Joanes Mailu, sinesmenez erresumaren zerbitzari leialena eta eitez printzearen berdin-berdina, Albret eta Borboitarren sasiko odola baitabil haren zainetan.

Batere uste ez duela, gorteko intrigetan katigaturik ikusiko du Joanesek bere burua, eta ezpatari gogor zenak jauregiko solas eta jolasetan trebatu beharko du, hango azpikeriei eta hemengo zeladei ihes egingo badie. Eta hurbil da Parisko San Bartolome bezpera: katolikoek higanot guztiei lepoa egitea erabaki zuten gaua…

"Mailuaren odola" bikainari jarraipena eman dio Epaltzak Erresuma eta Fedea trilogiaren bigarren alean, lehen partearen maisutasunari koxka bat eransten baitio, gure herriaren historian giltzarri bezain ezezaguna zaigun garai liluraz beteriko bat abilezia apartaz nobelatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun