Osoko bilkuran eztabaidatuko duten proposamena EAJren Gobernu Taldeak eta PSE-EEk egungo legegintzaldirako adostutako Etxebizitza Plangintzaren barruan sartzen da. “2009ko abenduan plangintza hau aurkeztu nuenean, aurreikusitako jarduera ugariren aurrean, Alangoko alokatzeko etxebizitzen lehenengo promozioak lehentasuna zuela aurreratu nuen; gehien bat, baina ez soilik, udalerriko gazteei zuzenduta”, azaldu du udal agintari getxoztarrak.
Banaketa eta ezaugarriak
145 etxebizitzetatik 83, 35 urtetik beherako gazteentzat izango dira; hamaika, guraso bakarreko familientzat,; sei urritasunen bat duten pertsonentzat; eta 45 gainontzekoentzat, kupo orokorrarentzat. Alangoko alokatzeko etxebizitzen lehenengo promozioan, ehun etxe bi gelakoak izango dira, 33 gela batekoak eta 12 hirukoak. Bost urteko epetarako alokatu ahal izango dira eta, 15 urte igaro ondoren, babes ofizialeko etxebizitza bezala, azalera-eskubidea 60 urtez erosteko aukera izango da. Azalera gela bateko etxebizitzen 45 metro koadrotik, 3 gela edukiko dituzten 80 metro koadroen artekoa izango da.
Garajeak
Etxebizitzekin batera izango diren 145 garajeez gain, bihar onartuko den proposamenak aparkatzeko beste 103 toki gehiago aurreikusten du eta, horiek, Udalak martxan jarriko duen beste txosten baten bidez gestionatuko dira. “Horiei guztiei, Algortako San Nikolas plazan egiten ari diren aparkatzeko 105 lekuak eta Salsidu-Villaondoetan aurreikusitako txandakako 198ak gehitu behar zaizkio”, laburtu du Landak.
Lortzeko baldintzak
Pisu hauetako bat lortzeko baldintzak eta irizpideak Eusko Jaurlaritzaren arautegiarenak izango dira, erroldatzeari dagokiona izan ezik, eskatzaileak edo bizi-taldeko kide batek Getxo udalerrian gutxienez 3 urtez jarraian edo azken 10 urteotan 5 urtez erroldatuta egon behar izango duelako. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak interesatu guztiei gogoratu die “garrantzitsua" dela "urtearen amaierarako Etxebiden izena emanda egotea, orduan jarriko baita martxan etxeak emateko prozesua”.