Orain kultur elkarteen txanda izango da eta helburuak ondokoak dira: kultur jardueretan euskararen erabilerari aukerak zabaltzea (euskara dakitenek erabil dezaten, ikasten ari direnek praktikatzeko aukerak izan ditzaten eta ez dakitenen artean interesa susta dadin) eta haur eta gazteei begira antolatzen diren kultura jarduerak euskaraz egitea bultzatzea. Entitateek euskararen erabilera bultzatzeko hartzen duten konpromisoa bete ahal izateko, Udalak laguntzak eta zerbitzuak eskainiko die. “Oso garrantzitsua eta pozgarria da, behin eta berriro esan dugulako euskararen erabilpena sustatzea dugula helburuen artean, herrian masa kritiko nahiko dagoelako, herritarron %29a, euskaldun baikara eta %27,4 ia euskaldun. Masa kritikoaren artean euskararen erabilpena bultzatzeko helburuarekin, elkarteekin eta eragile sozialekin elkarlana bultzatzen dugu beti”, adierazi du Imanol Landa alkateak. Ildo horretan, “nik uste dut, poliki-poliki, esparru estrategikoetan euskararen alde lan egiteko, eragile sozialekin elkarlana sustatzea lortzen ari garela. Bihar beste aurrerapauso inportante bat emango dugu kultur esparruan sartuko garelako. 53 elkartek sinatzea oso adierazgarri da eta kopuru horrek mahai-gainean jartzen du gure herrian euskararen aldeko politiketan jasotzen dugun erantzun positiboa“, gaineratu du tokiko agintariak.
Elkarteek bihar sinatutako dituzten hitzarmenetan beraien jardueretan euskara erabiltzeko konpromiso mota bat hartuko dute, bakoitza beren neurritara egokituta. “25 elkartek A konpromisoarekin egingo dute bat, hau da, euskara eta gaztelaniaren erabilera parekoa izatea, idatzizko zein ahozko elementuetan; 12k B hitzarmena sinatuko dute, hau da, A hitzarmena jasotzen dituenez gain, haur eta gazteei zuzenduta antolatzen diren jarduerak, ahal dela, euskaraz izatea eta begiraleak euskaldunak izatea. Azkenik, 16 elkartek C hitzarmena, ahoz eta idatziz, elkartea, nagusiki, euskaraz jardutea”, azaldu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Hitzarmenak izenpetu ondoren, Udalak ezinbesteko jarraipen eta dinamizazio lana egingo du Bizarra Lepoan euskara elkartearen bidez, hori izango baita elkarteen lana bideratuko eta lagunduko duena. Hemendik aurrera Gehitu Kultura egitasmoa zabalik egongo da, batu nahi duen edozein elkarterentzat.
Laguntzak eta zerbitzuak
Hitzarmenaren bidez Udalak elkarteei hainbat laguntza eta zerbitzu (ikasteko diru laguntzak, itzulpen zerbitzua, aholkularitza...) eskainiko dizkie. Euskara Zinegotziaren hitzetan, “oso garrantzitsua da biharko sinatzea, modu batez bultzatzen gaituelako guztiok euskararen erabilera sustatzera. Eredu izan behar gara, bai administrazioa, bai elkarteak, gero herritarrei eskatzeko euskararen alde egiteko”. Gehitu Kultura hitzarmenaren berri emateko foileto baten 30.000 ale bidaliko ditu Udalak getxoztarren etxeetara hurrengo egunotan. Biharko ekitaldian elkarteei opari bana emango zaie.