Euskarazko hitz goxoak sarituko ditu Uribe Kostako Mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 25a, 12:46

Hitz goxoen lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Parte hartu nahi dutenek euskaraz idatzitako hitz ederrak besterik ez dituzte sortu behar. Bi kategoria egongo dira: 18 urterik beherakoak eta 18 urterik gorakoak. Horrenbestez, maiatzaren 2ra arte izango da horiek aurkezteko aukera; euskera4[abildua]uribekosta.org helbidera mezu bat bidaliz edo euskaltegietan, ikastetxeetan, kultur etxeetan, gazte informazio bulegoetan, gazte topalekuetan, liburutegietan, zenbait tabernatan, Mankomunitateko bulegoan eta abarretan jarriko diren kutxetan. Hitz goxoa modu sortzaile, ez-sexista, ez-arrazista, adierazkor eta ludiko batez azaltzea sarituko dute, tokiko iturriek adierazi dutenez. Kategoria bakoitzeko irabazleari eskuko ordenagailu txikia emango diote, maiatzaren 20an, Urdulizko Kultur Etxean izango den ekitaldian. Argazkia: cc-by-nc-nd Artzubi.

Gainera, jasotako hitz eder guztien artean, epaimahaiak kategoria bakoitzeko onenak aukeratu eta web orrian jarriko ditu. Web orria bisitatzen dutenek horietako baten aldeko botoa eman ahal izango dute. Bozka gehien jasotzen duten lanen egileek saria eskuratuko dute. Kategoria bakoitzeko sari bana. Gainera, boto emaile guztien artean sari bat zozkatuko da: 50 euroko txartela, Elkar Megadendan gastatzeko. Horrez gain, nahi dutenek hitz ederrak euskaraz egiten trebatzeko ordu biko ikastaroak ere izango dituzte:

- Martxoak 29, asteartea: Plentziako Gaztelekuan (18:00-20:00).
- Martxoak 30, asteazkena: Sopelako Gaztelekuan (18:00-20:00).
- Martxoak 31, osteguna: Urdulizko Kultur Etxean (18:00-20:00).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun