Kulturen arteko jaia ospatuko dute bihar, larunbata, Algortako Zabala herri ikastetxean. Udalerriko Etorkinen Plataformak antolatu du ekimena,
Getxoko Udalak lagunduta. Hain zuzen ere, martxoaren 21ean izandako Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan prestaturiko Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako VII. Jardunaldien barruan dago festa. Antolatzaileek adierazi dutenez, herritar guztiei zuzendutako ekimenaren helburuak dira arrazakeriaren kontra sentsibilizatzea, gizarte getxoztarrari Getxoko Etorkinen Plataforma ezagutzera ematea eta plataforma osatzen duten elkarteen partaidetzarako gunea indartzea. Jaia 17:30etatik 20:30etara izango da, tailerrekin, herrialde desberdinetako gastronomien dastatzeekin eta dantzekin, tartean, Boliviakoak, Filipinar Irletakoak edo Marokokoak. Udalak atzo adierazi zuenez, Bilboren atzetik,
Getxo da Bizkaian etorkinen elkarte gehien dituen udalerria. Argazkian, martxoaren 21eko Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunean ustekabeko ekintza egin zuten Algortan / © Getxoko Udala.