Gazte Egunaren zortzigarren edizioa egingo dute bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 25a, 15:30

"Bildu eta mugitu; Leioa biziberritu" lelopean, bihar, larunbata, egingo dute Leioako Gazte Egunaren zortzigarren edizioa. Aipatu jardunaldia erreferente bat bilakatu da herriko eta inguruko neska-mutil guztientzat. Udaberri garaiko derrigorrezko zita da. "Bertan gazteok benetan nahi ditugun ekintzak burutzeko parada izaten dugu, alor desberdinetan. Kirola, aisialdia, musika, kultura, artea eta beste hainbat alorrek ageriko presentzia daukate Gazte Egunean, beti ere gazteon perspektiba erreal batekin landuak", adierazi du Leioako Gazte Asanbladak. Aurtengo honetan, daukaten herri ereduari egin nahi diote kritika sakona, "Leioa herri oso gaztea izanik, gazteentzako alternatiba, eskaintza eta inolako aukerarik ez dagoela salatzeko asmoz". "Horri buelta emateko, gazte presentzia eta elkarlana dira irtenbidea", azpimarratu dutenez. Hortik dator aurtengo leloa: “Bildu eta mugitu; Leioa biziberritu”. Horrela, goizeko hamaiketan hasita, ekitaldi eta ekintza ugari izango dira. Argazkian, neska-mutilak jolasean iazko Gazte Egunean.

Besteak beste, eguerdian koadrilen arteko olinpiadak egingo dituzte Barandiaran Institutuko patioan. leku berean, dantza erakusketa izango da, 13:00etan. Gainera, goiz osoan zehar, gazte azoka, sagardo kupela eta pintxoak egongo dira anbulategiko plazan. 14:30ean, bazkari herrikoia egingo dute eta txartelak bertan egongo dira salgai. Bazkalosteko sorpresaren ostean, poteo-kalejiran abiatuko dira atukadarekin eta, iluntzean, zortzigarren Gazte Eguneko ekitaldia egingo dute, 20:00etan. Ostean, The Banisters, Baketazo eta Estriknina taldeek joko dute, Plaza Gorrian. Eta bukatzeko erromeria, Izargi taldearen eskutik.

Egitaraua:

11:30 Zortzigarren Gazte Eguneko hasiera ekitaldia anbulatorioko plazan.
- Gazte Azokaren irekiera.
- Goiz osoan zehar sagardoa eta pintxoak, haurrentzako tailerrak, puzgarria eta rokodromoa.
12:00 Koadrilen arteko olinpiadak Barandiaran institutuko patioan.
14:30 Bazkaria Barandiaran institutuan.
17:00 Bertso poteo musikatua. Poteoa herriko tabernetan zehar bertsolari eta musikarien (batukada) laguntzaz.
20:00 Zortzigarren Gazte Eguneko ekitaldia Plaza Gorrian.
21:00 Kontzertuak Plaza Gorrian, herriko taldeekin:
- The Banisters.
- Baketazo.
- Estriknina.
00:00-03:00 Erromeria. Izargi taldearekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun