Nahikari Ayo Acebo bertsolari eta irakasle itzubaltzetarra izango da Getxoko Aralarren zerrendaburua, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan. Gaur goizean aurkeztu dute Algortako Villamonte kultur etxean, Fernando Hevia Busturia-Uribe barrutiko Batzar Nagusietarako hautagaia lagun zuela. Ayok esan duenez (mp3), “gure esku badago, Getxoko PPko Marisa Arrue ez da izango herri honetako alkatea, ezkerretik geldituko baitugu eskuin espainolaren etorrera”. Aurkezpen ekitaldian, Getxo udalerrian "ezkerreko ikuspegi abertzalea" duen garrantzia azpimarratu du Aralarreko hautagaiak. Bere esanetan, “eskuin espainola gelditzera gatoz, baina hori ez da nahikoa izango. Beste eskuinari, EAJri ere ezkerretik oposizio sendo eta eraikitzailea egingo diogu”. Itzubaltzetarrak esan duenez, abertzaletasunaren parean “gure ezkerreko izaera dago” eta, ikuspegi horrekin, "politika desberdin bat" eskaintzen dutela aipatu du. “Parte-hartzean oinarritutako politika bat eskaintzen dugu, politika egiteko beste era bat eta ezkerreko emaitzak emango dituen egiteko modua”, esan du Aralarreko hautagaiak. Argazkian, Hevia eta Ayorekin batera izan dira, alboetan ezker eta eskuinean, Asier Gomez eta Jon Ander Garaizar Getxoko Aralarren zerrendan bigarren eta hirugarrena, hurrenez hurren.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!