Joan den ostiralean, 120 lagun inguru batu ziren Algortako Tellagorri plazan, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Gogoratu, Espainiako Auzitegi Nazionalak egun horretarako deitutako bi mobilizazioak debekatuak zituela, "ETAko kideei gorazarre egitekoak" zirelakoan. Alabaina, UKBERRI.NETeko langileek deituta, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzea eta Euskal Herriko dozena bat kazetarirentzat askatasuna eskatzea zuen helburu, iluntzeko zortzietako, Telletxen deitutako kontzentrazioak. Izan ere, 2011n dinamika berria abian jarri dute herrian: hilabete bakoitzeko azken ostiralean Algortako eragile batek mobilizaziora deitzea. Bestalde, 20:30ean Telletxetik abiatu behar zen manifestazioaren bitartez, Jone Lozano Jon Rosales preso algortarraren neskalagunaren atxiloketa salatu nahi zuten. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak debekuaren berri eman ostean, aipatu bi deialdiak bertan behera utzi zituen, Ertzaintzaren aurrean horiek komunikatzeaz arduratu zen pertsona. Etxeratek, ordea, komunikazio berria egin zuen azken ostiraleko elkarretaratzea Tellagorrin egiteko. Ez zen inolako gorabeherarik egon.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!