UKBERRI.NET ez dago "espazio arazoak" direla eta
Koldo Iturbe Euskara zinegotziak ia orain dela urte bat aurreratu zien Martikoenako proposamena jada bertan dauden euskalgintzako lau talderi eta horiek UKBERRI ere egotea eskatu zuten. Iturbek proposamenari uko egin zion "espazio arazoak" zirela eta. Jakinaren gainean, Kepa Ugarte UKBERRIko orduko presidenteak eskaera bera egin zuen eta Euskara zinegotziak ezetza errepikatu zion UKBERRIk "hitzarmenik ez" zuelako. Izan ere, Udal Gobernuak erabakitzen du norekin sinatzen dituen hitzarmenak eta zazpi urte pasatxotan inoiz ez dio aukera hori eskaini UKBERRI.NETi.
Euskara Zerbitzua
Bigarren solairuan, Udal Euskara Zerbitzuak lokalak utzi dizkio "udalerrian euskararen esparruan lan egiten duten lau elkarteei", udal iturriek zabaldu dutenez, nahiz eta udalerriko euskalgintzan lau elkarte baino askoz gehiago diren. Onuradunak, berriz, goian aipaturiko lauak baino ez dira: Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), Bizarra Lepoan Getxoko euskaldunon elkartea, Egizu! Getxo Euskaldun eta "UK" aldizkaria argitaratzen duen Boluntzarreta elkartea. Gauzak horrela, "lan egiteko leku hobeago bat eskaini nahi" izan diete eta, gainera, "leku aproposa beraiekin eta euren arteko elkarlana hobetzeko, euskararen sustapenean egiten duten lana estrategikoa dela uste baitute".
UKBERRI.NET-i ere funtzio estrategikoa aitortzen dio, teorian, Getxoko Udalak. Izan ere, 2008ko Getxoko II. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak 3.H.1 atalean honako hau jasotzen du: "euskarazko komunikabideak hizkuntza-normalizazioaren arlo estrategikotzat jo behar ditu administrazioak, baita euskarazko prentsak horretan zer zeregin jokatu behar duen erabaki ere, eta horren arabera laguntzak eskaini". Atal horretan, beren-beregi UKBERRI.NET aipatzen du. Bestalde, UKBERRI.NET eta "UK"ren artean sor litezkeen sinergiak agerikoak dira, eta horrela azaldu zuten bere garaian UKBERRIk zein Boluntzarretak.
Berdintasun zerbitzua
Berdintasun Zerbitzua lehenengo solairuan egongo da, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "jarduera osoa zentralizatu nahi da euren lana errazteko asmoz eta, halaber, bere lana aurrera eramateko, lokal egokiak eskaintzeko asmoz". Gela nagusian gure udalerrian zazpi urtez lanean ari den Jabekuntza Eskolaren kurtsoak eskainiko dira. Aurten 19 ikastaro antolatu dira –soilik bi izan dira euskaraz– eta 313 plaza eskaini eta bete egin dira. Halere, bulegoa egongo da, andrazkoen elkarteak erabili ahal izateko, eta haurtzaindegi txiki bat zerbitzu hori eskaintzeko bertan jarduerak egiten diren bitartean.
Beheko solariuan Sexu Informaziorako Bulegoak eta Radio Taxi Getxok jarraituko dute euren zerbitzuak eskainiz.
Ia 240.000 euroko aurrekontua
Dena dela, Landaren ustez, Martikoenakoa "beste aurrerapausu bat da udal ekipamenduen modernizazioaren prozesuan eta, bereziki, oraingo honetan, gure elkarteen sarearen zerbitzura jartzeko, hori gure gizarte zibilaren dinamismoaren, herriaren arimaren, beste ezaugarri bat baita, eta oso lan garrantzitsua egiten baitu, kasu honetan, Berdintasun eta Euskararen sustapenaren arloetan".
Udal eraikinaren zaharberritze, egokitzapen termikoa eta irisgarritasun lanetan 237.500 euro inbertitu dituzte. Lan horiek fatxadaren birgaitu, teilatu hegalak eta estalkia konpondu, eta bertan igogailua jartzeko izan dira. Halaber, barrukoa berritu da, eskailera eta bulegoak egokituz.