Gizon baten gorpua aurkitu dute Bermeotik sei bat miliatara. Joan den ostegunean Zierbena eta Castro artean arrantza ontzi bat irauli eta ondorioz desagertuta dauden hiru kideetako batena izan daitekeen hilotza aurkitu dute erreskate taldeek. Hainbat hedabidek azken egunotan zabaldu dutenez, J.M.R. 66 urteko erandioztarra dago desagertutakoen artean. Aipatu udalerritik irten omen ziren arrantza egitera. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez, Bermeotik sei bat miliatara aurkitu dute gorpua, ezbeharra gertatu zen ingurutik mendebalderantz. Beste bik desagertuta jarraitzen dute. Gaur, astelehena, abian jarri dira berriro bilaketa lanak. Bitartean,
"El Mundo" egunkariak zabaldutakoaren arabera, ostiralean, gizonezko baten gorpua aurkitu zuen Ertzaintzak, Azkorri eta Galea lurmuturraren arteko itsaslabarretan. Hala ere, Zierbenako ontzi istripuan desagertutako lagunetako bat zenik baztertu zuten. 34 urteko portugaletetar batena zen hilotza. Bestalde, larunbat gauean arrantzale bat erreskatatu behar izan zuten itsaslabarretatik. Argazkian, 2010eko ekainaren 7an, itsasontzi istripu baten simulazioa egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Plentziako kostaldeko uretan / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.