Uribe Kostako Gernikako Akordioaren sinatzaileek zabaldu duten oharra:
Gaurko agerraldi xume honetan, Uribe Kostako Gernikako Akordioaren sinatzaile ezberdinak bildu gara, Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berriari Estatu Espainiarraren aldetik ipini dizkioten traba berriak salatzeko.
Normalizazioa, askatasuna, herri honen hitzari errespetua, ideia guztiak, pertsona guztiak, proiektu guztiak… ideia hauen inguruan gehiengo politiko, soziala eta sindikala bildu da eta Gernikako Akordioa bere ibilbide orria da. Gutxieneko Demokratikoak biltzen dituen benetako demokraten konpromisoa da, hain zuzen ere.
Ekarpen positiboak egon dira, ETArena kasu, baina aste honetan bertan Sortu alderdia ez legeztatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabaki politikoak, Euskal Herria denbora zaharretan bahituta mantentzeko saio larriak bezain antzuak alarma guztiak piztu ditu.
Hori dela eta, hemen bildu garenok Uribe Kostan erantzuteko eta eraso hori salatzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Duela aste batzuk Bilbon egin genuen manifestazio erraldoian hau esan genuen: “Ez dugu ez bat onartuko. Ez dugu badaezpadako ilegalizazio bat onartuko”. Gaur hemen gauza bera aldarrikatzen dugu. Ez digute etorkizuna zapuztuko. Martxan ipini dugun prozesuak ez du etenik izango eta osatzen ari den gehiengo berriak aro berria erdituko du.
Bide horretan, pairatzen ari garen eraso guztien aurrean guztion kemena eta determinazioa erabat beharrezkoak izango dira, bai tortura basatiak salatzeko, bai etengabeko sarekada eta kriminalizazio indiskriminatuak geldiarazteko, bai presoek eta haien senideek pairatzen duten jazarpen ilegalarekin amaitzeko eta baita ere ilegalizazioa iraunkortzeko erabaki politiko honen aurrean herri bezala agertzeko.
Herritarron mobilizazioa determinantea izango da. Hori dela eta, hemen bildu garen Uribe Kostako Gernikako Akordioaren sinatzaileok, datorren Apirilaren 1ean, arratsaldeko 20:30ean eta Algortako Telletxetik abiatuta, manifestazioa burutzeko deia egiten dugu. Manifestazioaren leloa hau izango da:
Errepresio gehiagorik ez!
Euskal Herria ya ha decidido.
Legalizazioa orain!
Ikusi agerraldiko bideoa (© Sopela.net):