Athleticen Hondartza Futbol Txapelketaren seigarren edizioa datorren apirilaren 10ean hasi eta ekainaren 12a bitartean jokatuko da. Aurtengo nobedaderik nagusiena da partidak harea lehorrean egingo direla, aurreko edizioetan ez bezala, harea bustian egiten baitziren. Halaber, lau hondartzetan lehiatuko da: Uribe Kostako Ereagan eta Plentzian, Muskizko Arenan eta Ondarroako Arrigorrin. Azken hondartza horretan Ibilaldia Bizkaiko ikastolen festarekin bat egingo du ekimenak. Txapelketan klubetako, ikastoletako, ikastetxeetako, eskola publikoetako eta herritar eta kultur elkarteetako taldeek har dezakete parte, edozein jatorri eta lekutakoak. Lehenengo ediziotik hona, Bizkaiko 7.000 neska-mutiletik gora hartu dute parte jada. Argazkian, Jose Angel Iribar "Txopo" eta udal ordezkariak, tartean Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotzia, eskuman, atzo Ibaigane Jauregian egindako aurkezpenean / © Athletic Club.