Larunbatean jokatuko da Sopelako XVIII. Esaera Zaharren Txapelketa. Bertan, "inoiz baino parte hartzaile gehiago izango dira", Sopelako AEK-ko lagunek UKBERRI.NETi aitortu diotenez. Izan ere, aurten 32 taldek eman dute izena atsotitzen lehian aritzeko. Aitor Fernandez de Martikorena antolatzailearen arabera, "aurreko marka iaz egin genuen, 29 talde izan genituela". Datu pozgarria izan arren, antolatzaileek onartu dute parte hartzaileen kopuru igoerak azpiegitura arazoak eragin dizkiela, jadanik dena azken urteotako bost ibilbideak egiteko prestatuta bazeukatelako eta azken unean seigarren bat sortu egin behar izan dutelako. Hori dela eta, oraindik orain lanean jarraitzen dute larunbatean dena prest egon dadin. Lehiaketaren osagaiei dagokienez, "Norberetzako gure eztana etxako inori emoten" da aurtengo txapelketako leloa. Argazkian, 2008ko irudi bat.