"Artea aldatzen ari da jasangarriagoa izan dadin. Horren froga da, arte tradizionalaren jasangarritasun eza dela eta, jada ez dela pintatzen. Pintura diziplina sostengaezina da, une honetan ez delako errentagarria ondo egindako pintura banakako, pertsonal eta bakar bat ekoiztea", gaineratu du Badosak. "Fabrikart" aldizkariaren zenbaki berrian jasangarritasunaren inguruko hainbat hausnarketa biltzen dira, besteak beste, beiraren ekoizpena, ziberkultura edo identifikazio bisualen prozesuak bezalako alderdi artistikoetara aplikatuta. Hamasei ikerketa artikuluez gain, aldizkariak gaur egungo gizartean arte-kulturaren aitorpen eta aintzat hartzearen alde egiten duten argitalpen eta albiste argitaratu berrien zerrenda ere eskaintzen du, ikerketa espezifikoak egin ahal izateko oinarri bezala erabiliak izan daitezkeenak.
2000. urtean
"Fabrikart" aldizkaria 2000. urtean atera zen argitara lehen aldiz. Bere jatorritik artearen garapena aztertzen du teknologiaren, industriaren, gizartearen eta artearen beraren ikuspuntuetatik. Jende gutxik uste zuen orain 11 urte hain desberdinak diruditen eremu horiek gaur egun duten loturak izango zituztela. Lehenengo zenbakitik, "Fabrikart" EHUko Argitalpen Zerbitzuak publikatzen du eta Arte Ederretako Fakultateak editatzen du, Industria Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Arkitektura Goi Eskola Teknikoa eta Balioen Filosofia, Ikus-entzunezkoen eta Soziologia sailen lankidetza estuarekin.