Tinduf-eko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpamentuetan lekututako Dora dairarekin senidetzeko izapideak egiten hastea erabaki berri du Sopelako Udalbatzak. Martxoko osoko bilkuran adostuta, herrixka horrekiko harremanak formalizatu nahi ditu tokiko erakundeak,
Sopela.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Izan ere, ez dira berriak Dora eta Sopela arteko hartu-emanak. 2004ko abenduaren hasieran,
elkartasun ikasketa bidaia egin zuten bertara Ander Deuna ikastolako Batxilergo lehenengo mailako ikasleek, eta esperientzia horretatik sortu zen Nuyum ("izarrak" da hitz horren esanahia) elkartea. Ordutik, ugari izan dira Tindufera egindako
joan-etorriak, hainbatetan udal zinegotziak ere joan direla. Horretaz gain, Udalaren laguntzaz,
pertsona nagusiei zuzendutako egoitza altxatu dute Doran. Argazkian, Fronte Polisarioko Fatma Mohamed ordezkaria hainbat zinegotzirekin, 2009ko irailaren 29an, Sopelan.