Egunotan Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Aitor Cotano eta beste lau euskal herritarrei egiten ari zaizkie epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAren "Bizkaia sarea" osatzen zutelakoan. Asteleheneko bistan aipatu lehenengo mutila poliziez inguratuta eta Baltasar Garzon epaileak lagunduta agertzen zen
bideo bat plazaratu zuten. Horren ostean, oihartzun handia eman diete irudiei hedabideek, besteak beste, Benjamin Atutxa Eibarreko PSE-EEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" agindu ziotela onartzen zuelako Azkorrikoak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriz, Goikoetxeak epaiketan bertan bideoari buruz adierazitakoari heldu dio irudi horien baliagarritasuna zalantzan jartzeko. Nabarmendu dutenez, epailearen galderei zer erantzun behar zuen "guardia zibilek esan ziotela" adierazi zuen gazte getxoztarrak. Bestalde, abokatuek aipatutakoari ere heldu dio errepresioaren kontrako mugimenduak.
"Gara" egunkariak jasotakoaren arabera, Errioxako irudiak ikusi badira ere, komisariako irudiek "zalantza asko" sortzen dituzte, letraduen esanetan: "Denbora tarte luze askotan ez dakigu non eta zertan ari ziren atxilotuak". Argazkian, Arkaitz Goikoetxea aurreko epaiketa batean / cc-pd Etengabe.