Gernikako Akordioa "alderdikeriaz erabili" dela salatu du Uribe Kostako Aralarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mar. 30a, 21:51

Pasa den astelehenean "Uribe Kostako Gernikako Akordioaren sinatzaile ezberdinek" egindako agerraldiarekin "bere kezka" azaldu du gaur Uribe Kostako Aralarrek. Izan ere, alderdi ezkertiarraren aburuz, etzirako Algortan Sorturen ilegalizazioa salatzeko manifestazioa deitzean, hainbat eragilek "Gernikako Akordioa alderdikeriaz eta modu partzialean erabili dute". Aipatu deialdia adosteko batzarrik ez dela izan argitu dute. Gainera, Aralarren ustez, astelehenean publiko egin zen testua "ez dator bat Gernikako Akordioaren edukiekin eta espirituarekin", idazkiaren zenbait atal "ahaztu" ei duelako. Azkenik, ostiralean Telletxetik 20:30ean irten behar den manifestazioaren antolatzaileei "deialdia ez dela Gernikako Akordioak eginikoa" azaltzea eskatu diete. Argazkian, Aralarreko hainbat ordezkari Sopelarako hautagaitzaren aurkezpenean.

Uribe Kostako Aralarrek zabaldutako oharra:

Uribe Kostako Aralarrek salatu du Gernikako Akordioa alderdikeriaz eta modu partzialean erabili dutela

Aurreko astelehenean, Gernikako Akordioko sinatzaile batzuk egin zuten erabileragatik bere kezka azaldu du Uribe Kostako Aralarrek. Hurrengo ostiraleko Gernikako Akordiko sinatzaileek egin duten deialdiaren harira honako hau agertu nahi du Uribe Kostako Aralarrek:

1-. Manifestazio deialdi hori adosteko ez da inolako bilerarik egin eta, are gutxiago irakurritako testua adosteko. Beraz, deialdia Gernikako Akordioak egina dela esatea ez da zuzena.

2.- Gernikako Akordioa bakerako bide-orria da, bere baitan sentsibilitate eta ikuspuntu ezberdinak biltzen dituena eta, hain zuzen horregatik, ezin da inoiz alderdikeriaz erabili.

3.- Bakea lortzeko tresna den heinean, Gernikako Akordioak dauzkan balio nagusietakoak gatazkaz duen ikuspuntu aldebakarrekoa da gatazkak eragindako sufrimendu guztiekiko errekonozimendu zuzena dira. Era berean, ETAri exijitzen zaio bere jarduera behin betiko eteteko eta Estatuari pertsona guztien eskubideak berrezartzeko eta bermatzeko, preso dauden pertsonenak ere bai.

4.- Gernikako Akordioak adostua bezala irakurri eta aurkeztu zen testua ez dator bat Gernikako Akordioaren edukiekin eta espirituarekin; funtsezkoak diren zenbait atal beren-beregi ahazten ditu eta, beraz, ezin da izenburu horrekin aurkeztua izan.

5.- Gernikako Akordioa sinatu dugun alderdi eta erakunde guztiok dugu eskubidea gure estrategiak garatzeko eta gure deialdiak egiteko, baina sinatzaileetako inork ezin du Akordioa bere egin, Uribe Kostako eta Euskal Herriko gizartearen ondarea delako.

6.- Aralarrek Gernikako Akordioa bere osotasunean bete behar dela berretsi nahi du beste behin; horretarako, beharrezkoa da Sortu legezkoa izatea, preso dauden pertsona guztien eskubideak errespetatzea, eragindako sufrimendu guztien errekonozimendua eta ETAk behin betiko bere jarduera etetea.

Horrenbestez, joan den astelehenean Gernikako Akordioa modu partzialean erabili zuten alderdi eta erakundeei eskatzen diegu berehala utz diezaiotela horrelako jarrerak izateari eta argi dezatela hurrengo ostiralerako deialdia ez dela Gernikako Akordioak eginikoa, baizik eta beste erakunde eta eragile batzuk egindakoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun