Bestetik, gaien aldetik ere, gramatika bat baino gehiago da eta ageri ez diren hainbeste gai ikusten dira SEGen. Batetik, gramatika bat egiteko gramatikariek erabiltzen dituzten materialak bere horretan ematen dira (testuak, hiztegiak, hitzen erabilerak, euskalkien berriak eta abar), eta horiek guztiak modu autonomoan kontsulta daitezke. Bestetik, gramatika batean ageri ez diren gaiak ere ikusi ahal dira: hizkuntzaren jabekuntza, prozesamendua, fonetika eta fonologia, hizkuntzalaritza aplikatua, hizkuntzen arteko kalkoak, zalantzak argitzeko tokiak, eta abar.
SEG osatzen duten material guztiak www.ehu.es/seg helbidean kontsulta daitezke. Hor agertzen dira testu corpusak, hiztegiak eta abar. Etengabe erantsi da materiala, eta urtean hiru-lau aldiz berritu dira aplikazioak. Horiek badute autonomia osoa horrela agertzeko: hiztegi bat zuzenean kontsulta daiteke; hitz bat nola erabiltzen duten idazleek zuzenean kontsulta daiteke. Aldi berean, atal horiek gramatikaren atalak dira eta gramatikaren atal guztiak irekita daude eta gainerakoekin batera ikus daitezke gaurtik aurrera. Hain zuzen ere, hauexek dira atalak: Hiztegia; Morfosintaxia; Euskara eta gizakia; Euskara eta gizartea; Hizkuntzalaritza aplikatua; Fonetika eta Fonologia; Euskararen historia; Zalantzen txokoa.
Atal guztiek ez dute garapen maila bera. Proiektu hau dinamikoa da, eta izaera horrek berak markatzen du: material asko sartu da eta hurrengo urte eta hilabeteetan materiala sartzen segituko dute arduradunek -aste honetan bertan sartu da material berria-, proiektua bizia baita eta, hori dela eta, atal batzuk beste batzuk baino landuagoak daude.
Lanaren originaltasuna
Horrela ba, lanaren originaltasun nagusiena aurkezteko modua da, interneten, eta hori "oso berritzailea da mundu osoan". Barneko edukia aberatsa da, normalean gramatiketan ez baitira horrenbeste gai ageri. Gainera, euskara modernoa jasotzen du, gaur egungoa, Hiztegiaren atalean 2000tik aurrera idatzitako testuak bakarrik hartu baitira kontuan. Urte hori hartu da abiapuntutzat, 2000n Euskaltzaindiak bere "Hiztegi Batua" argitara eman zuelako. Unibertsitateko espezialistarik ezagunenek hartu dute parte gramatikan. EHUk, Eusko Jaurlaritzak -Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez-, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Lagun Arok eta Aurten Bai Fundazioak lagundu dute ekimena aurrera eramaten. Hasiera-hasieran Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak ere eman zuten laguntza.