Palestinari buruzko "Welcome" erakusketa jarriko dute apirilaren 4tik 15era Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Bertan, hainbat egileren argazkiak, mapak, testu laburrak eta Palestinako olerkien bertsoez osatutako 18 panel izango dira ikusgai. Erakusketa horren bidez, Bakea eta Duintasuna elkarteak eta Biladi Palestinar Kultura Zentroak herri palestinarraren errealitatea hurbildu nahi diete bizkaitarrei, "1948 urtetik okupazio militar bati eutsi eta bizitza duin bat izaten saiatzen den herri baten errealitatea", antolatzaileek adierazi dutenez. Gainera, hilaren 13an, bideo foruma ere egingo dute. Iluntzeko zazpietan, "Gueto2009" dokumentala ikusteko aukera izango da Kurtzion bertan. Informazio gehiago proiektuaren webgunean aurki daiteke: www.palestinainfo.org. Argazkian, maiatzaren 15ean 63 urte beteko dira Israelgo Estatua sortu zenetik, palestinarrek "Hondamendia" izendatu zuten eguna, alegia / © Bakea eta Duintasuna.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!