Diru bilketa iganderako utzi dute Erandion. Astrabuduan arropa salgai egongo da eta Goikolandako ikasleek euren dantza bertan egingo dute, eguerdi aldera. 12.00etan gelditu dira, Astrabuduan, Primera Linea tabernan; eta Altzagan, Santi tabernan. Leioan ere domekan egingo dute Korrikaren aldeko diru-biltzea, Berbalamiñe euskara taldeak aurreratu duenez. Baina, ez pentsa diru bilketa arrunta izango denik, ezta gutxiago ere. Triki-poteoa egingo dute batera. Hitzordua 12:00etan jarri dute, Ikea Barri plazan. Bitartean, ezin ahaztu larunbatean izango den Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa.
Bestalde, hurrengo astean ere ez da ekimenik faltako. Besteak beste, astelehenean, apirilak 4, Korrikaren aurkezpena egingo dute 19:00etan, Plentziako Jentilbaso AEK euskaltegian. Hurrengo egunean, beste horrenbeste egingo dute, 19:00etatik aurrera, Gorlizko euskaltegian. Asteartean ere "Sekula bai!" antzerki kabareta egongo da ikusgai, Altzagako azoka zaharrean. Iluntzeko zortzietan hasiko da saioa, sarrera doan. Itzubaltzeta / Romori dagokionez, ostegunean, bertsomagia saioa eskainiko dute Tor magoak eta Fredi Paya eta Etxahun Lekue bertsolariek. Ekitaldia 20:00etan izango da, Anaiak tabernan, "Billares" gisa ezagunagoa.
Trebiñurako autobusa
Apirilaren 7an, Korrikaren hasierara, Trebiñura, joan nahi duenak, Uribe Kosta eta Erandion ere izango du horretarako aukera. Autobusa 8 eurotan egongo da eta ondoko leku eta orduetan hartuko du jendea:
- Gorliz (Motan) 14:30ean.
- Plentzia (Charterren) 14:35ean.
- Sopela (eliza aurrean) 14:45ean.
- Berango (kultur etxean) 14:50ean.
- Algorta (Txikia plazan) 15:00etan.
- Itzubaltzeta / Romo (elizan) 15:05ean.
- Leioa (Itxasbiden) 15:10ean.
- Erandio (gasolinoan) 15:15ean.
Autobusa 19:30ean egongo da bueltan. Izena emateko: 946 773 646, 944 304 734 eta 944 646 063.