Algortako Borobia eta Telletxe plazetako haur parkeak arriskutsuak direla salatu dute, hurrenez hurren,
Getxoko PSE-EE eta EB alderdiek. PSE-EEren ustez, bai Borobian eta baita Telletxen ere diseinu arazoak daude. Lehenengo parkean, txirrista-dorreak bere barnean arriskuak sortu ei dizkie txikienei. Luis Almansa PSE-EEren bozeramailearen aburuz, estrukturak jasan ditzakeenak baino askoz erabiltzaile gehiago ditu. Horrek kezka sortu ei die plaza hori erabiltzen duten gurasoei. Bestalde, Telletxeko parkeari dagokionez, PSE-EEkoek "motza" irizten diote. Haien ustez, "EAJ plazako beste alde guztia ezkutatzen duen burdin-nahaspila prestatzen ari da". Larriagoa da gune horretaz
Ezker Batukoek duten iritzia. Amaia Aparicio alkategaiak haur parkeko zutabeetan "premiazko babes neurriak" jartzea eskatu du. Izan ere, oinarrian falka zorrotzak dituztela ohartarazi diote Udal Gobernuari. Horrelakoekin umeek istripuak izan ditzaketelakoan daude. Horretaz gain, EBk bere "ezinegona" azaldu du bertan Udalak gastatu duen "dirutzagatik". Argazkian, behargin bat Telletxeko egiturako falka bat soldatzen.