Eskualdeko 250 bat gizon-emakumek harrera beroa eskaini diote gaur iluntzean Algortan Zigor Goikoetxeari. Azkorriko preso politiko kaleratu berria Salamancako Topas espetxetik atera da goizeko 9etan, etxekoak eta lagunak zain zituela. Arratsaldean, lehen harrera bizi du Leioan. Ondoren, Algortako Amnistia tabernaren inguruetan hartu dute dozenaka eta dozenaka lagun eta auzokidek. Lore-sorta, ongi etorria, aurreskua,
bertsoak (mp3) eta xanpaina eman dizkiote haiek eta
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (mp3), Azkorrikoarekin egindako "muntaia politiko-poliziala" salatu duena. Bueltan,
Goikoetxeak hitz batzuk eskaini dizkie espainolez (mp3). Atzean utzi dituen espetxekideak eta hil berriak gogoan izan ondoren, ildo politiko berriari aukera ematea galdetu du. Hortik, bi gauza eskatu dizkie aurrean zituen auzokideei. Larunbatean legalizazioaren aldeko Bilboko manifestaziora joatea eta maiatzaren 22ko hauteskundeetan bozkatzea. Azkenik, tabernatik bere argazkia kendu eta apurtu egin du. Ertzaintza ere agertu da, ekitaldia bukatuta. Geldo-geldo, sei patruila-autok osatutako ilara hainbat aldiz igaro da tabernaren aurretik, barruko ertzainek aurpegia estalita zutela.