Santurtzin egon ondoren, "Pakea Bizkaia" belaontziak Lekeitiorantz egingo du eta bertan egongo da apirilaren 6a arte. Egun horietan zehar, Lekeitioko eskola publikoa eta Resurreccion Maria de Azkue ikastolaren bisitak jasoko ditu. Hitzaldia eta dokumentala kultur etxean izango dira, eta ate irekien jardunaldiak apirilaren 4an eta 5ean izango dira, 17:00etatik 19:00ak arte. Apirilaren 7tik 11ra bitartean, belaontzia Bermeoko portuan egongo da. Bertan, Karmeldar ikastetxeko, San Frantzisko eskola publikoko eta Eleizalde ikastolako ikasleen bisitak jasoko ditu, eta hitzaldiak eta bideo-emanaldiak Arrantzalearen Museoan egingo dira. Ate irekien ordutegia astean zehar 17:00etatik 19:00ak arte izango da, eta asteburuan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da.
Azkenik, Ondarroara helduko da belaontzia, eta bertan egongo da apirilaren 12, 13 eta 14an. Zaldupe, Txomin Agirre eta Zubi Zahar ikastoletako ikasleak hurbilduko dira eta hilaren 12 eta 13ko arratsaldeetan belaontzia irekita egongo da bisitatu nahi duenarentzat. Ondarroan bukatu ostean, belaontzia Algortako bere egoitzara bueltatuko da. Portu guztietan, "Pakea Bizkaia" belaontziaren ondoan karpa bat jarriko da, Unai Basurkoren proiektu berria ezagutu nahi dutenek informazioa jasotzeko. Gainera, aurten egingo duten Groenlandia eta Ternuarako espedizioa aurkezteko aprobetxatuko da. Espedizio berri horretan nabigatzaile ezaguna eta bere tripulatzaileek Euskal Herriko historiaren parte garrantzitsu bat berreskuratuko dute, baleontzi euskaldunek XVI. mendean baleak ehizatzeko egiten zuten itsas-bide berdina jarraituz.