Neskame bat espetxeratzeko agindua eman zuen atzo goizean Getxoko Guardiako Epaitegiak, lan egiten zuen etxeetan bitxiak, dirua eta bestelako ondasunak lapurtu zituelakoan atxilotu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Getxo udalerrriko etxebizitza batean egindako lapurreta baten berri izan zuen Ertzaintzak joan den astean. Jabeek jarritako salaketaren harira, etxe hartako neskameak gertatutakoan parte hartu ote zuen ikertzen hasi ziren. Polizia iturriek gaineratu dutenez, ikerketari esker, bitxien salerosketarako Bilbo eta Getxoko denda ezberdinetan aurkitu zituzten agenteek ustez lapurtuak izan ziren bitxietako batzuk; aipatutako susmagarriak saldu omen zituen guztiak. Atzo arratsaldean, Ertzaintzak ustezko lapurra atxilotu egin zuen lapurreten egilea zelakoan, eta ondasunaren aurkako delitu bat leporatu zioten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!