Ondoren, egungo eraikina eraitsiko da. Lan hauek eragin ditzaketen trabak "arruntak" dira, "edozein lanek eragin ditzaketenak, kasuak kasu, zarata eta hautsak". "Ahal den neurrian arazo horiek gutxitzeko neurriak hartuko dira”, Hirigintza zinegotziak adierazi zuenez. Aipatu lanekin batera, inguruko eraikin eta etxebizitzen egoerari buruzko txostena egingo ei dute. "Borondatezko miaketa da eta horregatik Udalak inguruko auzokideen laguntza eskatuko du. Horiei dagoeneko eman zaie azterketaren berri eta laster ere zehetasun gehiago emango zaizkie", azaldu zuten atzokoan. Lanak egiteko orientagarri izango den egutegian aurreikusten da eraikuntza lanak hiru urte inguruan burutzea. Aldi horretan zehar, Udalak "ahalegina" egingo du "inguruko bizilagunei eta eraikin berrira joango diren elkarteei lanen berri emateko, aldian aldian". Horretarako, informazioa emateko eta eskariei erantzuteko behar diren kanalak egokituko dira. Bestalde, Koldo Iturbe Kultur zinegotziak nabarmendu zuenez, kultur etxe berria “eraikin malgua izango da, erabilera anitzeko aretoak izango dituena, tartean 250 lagunentzako auditoriuma, herriko liburutegirik onena eta handiena, zerbitzu hobeagoekin eta aste osoan zabalik egongo dena”.
Instalazioen hustuketa
Hasierako faseko lanak hasi aurretik, egungo instalazioak hustuko dira. Romo Kultur Etxe berria zabaldu arte, antzinako eskoletan ibili diren kultur eta auzo elkarteak Itzubaltzeta / Romoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakiko lokaletara joango dira. Bestalde, herritarren arreta bulegoa (HAB) itxita egongo da apirilaren 4 eta 5ean, ekipamendu eta instalazioak Aurrezki Kutxa kaleko 22. zenbakiko bulego berrira eraman ahal izateko, egungoa dagoen lekutik hamar bat metrora. Apirilaren 6an, asteazkenarekin, bulego hori herritarrei irekiko zaie leku berrian. Aipatu bi egunetan, egin nahi diren gestioak beste hiru HABetako batean (Udaletxean, Algortako Zabala eta Getxoko Benturillena kaleetan) egin beharko dituzte herritarrek, edo nortasun-txartelik izatekotan, www.getxo.net webguneko administrazio elektronikorako bulegoan.
Horrez gainera, antzinako eskoletan dagoen ikasteko gelaren ordez aukera berriak egokituko dira inguruan: Gobelako liburutegian “ume aretoa” irekiko da, astelehenetik ostiralera arteko goizetan. Lope de Vega kaleko udal euskaltegian ere aretoa egokituko dute –eskaintzaren arabera gehiago zabaltzeko aukera izango da–, astelehenetik ostiralera. Eta Romo herri ikastetxean ere gela gehiago erabili ahalko dira. Bestetik, azterketa garaian Lope de Vega kaleko lokalean ikasteko areto bat ipiniko dute, bertan izango baita kultur etxea, eraikin berria altxatzen duten bitartean.