Leioa eta Erandioko campuseko ikasleen oharra
Apirilaren 7an, Ikasle Topaketak burutuko dira Leioako Campusean. Baina, zertarako Ikasle Topaketak? Bada, norbere arazoak, ikasleriarenak direla ikusteko. Etxetik klasera, klasetik liburutegira, eta liburutegitik berriro etxera goazen bitartean, gure arazoak norbereak soilik direla pentsatzen dugulako. Ikasleok kolektibo bat osatzen dugulako, gizarte honetan zer esan handia dugulako, eta unibertsitatean, are gehiago. Gu gara bertako subjektu nagusia, eta hala ere, hutsaren pare dute gure hitza. Beraz, elkar topatzea, antolatzea, eta arazo indibidualak kolektibo bihurtu eta hauei buelta ematea beharrezkoa dugu.
Dela euskararen egoera, Bolognak sortzen dizkigun buruhausteak, ikas-baldintza prekarioak, unibertsitatearen merkantilizazioa, ikasgai arrotzak, zentsura, kontrol soziala, presentzia poliziala… egunerokotasunean unibertsitatean ditugun gabeziak identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamenak eraiki ditzagun. Har dezagun hitza, bota dezagun irrintzia! Ez al dugu bada errutinaren etsipenaz ahituta oihurik bota? Bihurtu dezagun gure oihua irrintzi, ikasleon irrintzia!
Egitaraua
• 11:00etan, harrera ekitaldia (Paraninfoan).
• 11:30ean, ikasle topaketak (eztabaidak fakultateka).
• 13:00etan, ondorioak.
• 14:00etan, itxiera ekitaldia.
• 14:30ean, bertso bazkaria (Mikel Laboa plazan).
• 19:30ean, jaialdia (Bilboko Zazpi Kaleetako 7Katu gaztetxean).