Aurten ere Bizarra Lepoan euskara elkarteak toponimia ibilaldiak prestatu ditu, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera. Apirilean hasita, udalerri osoa hartzen duten lau ibilbide diseinatu dituzte, tokiko ondare etnografikoa eta toponimia hobeto ezagutzeko. Helburua, herriko toponimia eta inguruotako arkitektura, paisaia, fauna, flora, ondare arkeologikoak, lanbideak eta ondarea orokorrean ezagutzera ematea da. Txangoak euskaraz izango dira baina, "ohi bezala, joaten den edonork ez du arazorik izango azalpenak ulertzeko", joan den ostiralean Koldo Iturbe zinegotziak adierazi zuenez. Hiru ordu inguruko ibilaldi lasaia izatea aurreikusten da, eta toponimiaz gain, herriko historia, geologia eta biologiari buruz gehiago jakiteko aukera eskainiko du. Lehenengo saioa larunbat honetan izango da, goizeko bederatzietatik aurrera, Algortako Portu Zaharreko Etxetxun hasita. San Nikolas, Jenaratxu, Usategi, Kantarepe, Portu Zaharra eta Talaietatik igarota, Aixerrotan amaituko dute. Ibilbideak hilean bi larunbatetan izango dira, ekainera arte. Horren gaineko informazio gehiago eskatzeko eta izena emateko, 688 635 350 telefono zenbakira deitu edo getxo.toponimia[abildua]gmail.com helbidera idatz daiteke. Argazkian, Algortako Portu Zaharra / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!