Gabi Basañez eta Iontxu Etxegarairi Sopelan atzo egiten ari zitzaizkien harrera
borra kolpeka desegin zuen Ertzaintzak. Gaurkoan horren berri eman dute hainbat albiste agentziek. Europa Press eta Efe-k zabaldu dutenez, "Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera", lau pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, "agenteen gainera joan zirenean, espetxetik ateratako preso baten omenaldian". Iturri berberetan oinarrituta, ondokoa gaineratu dute agentziek: "terrorismo delitua egiten egon zitezkeela eta zeramatzaten pankartak gordetzeko agindu zaienean oldartu zaizkie agenteei eta, horiek, istiluen kontrako materiala erabili behar izan dute". Sopela.net agerkari digitalak atzo aipatu zuenez, Iontxu Etxegarai da identifikatuetako bat. Herriko taberna barruan zela identifikatu omen zuten gaztea, karga bukatuta. "Salaketa jarriko dieten ala ez" itxaron beharko dute guztiek, albiste agentzien hitzetan. Hala ere, zaurituei buruz ez dute deusik esaten. Argazkian, larunbatean ere Algortan agertu ziren ertzainak, Gabi Basañezi harrera egiten ari ziotela.