Joan den larunbatean, apirilaren 2an, Cesar Uceda sariak banatu zituzten Kultur Leioan. Leioako Udalak urtero antolatzen duen ekitaldian kontserbatorio ezberdinetako 15 neska-mutil aurkeztu ziren. Baina, azkenik, aurten lehen saridun bi egon ziren: Lore Amenabar akordeoilaria, Donostiako Francisco Escudero Musika Eskolatik; eta Luis Lopez pianista, Leioako Udal Musika Eskolatik. Bakoitzak 600 euro jaso zituen. Epaimahaiak adierazi zuen bezala, aurten ere aurkeztutako neska-mutilen maila "oso altua" izan zen. "Hori argi geratu zen sari banaketan, lehen saridun bi eta bigarren saria hutsik geratuz", tokiko iturriek zehaztu dutenez. Hirugarren sariari dagokionez, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Eskolako Idoia Ugalde saxofonistak 300 euro jaso zituen. Azkenik, aipamen berezia, Amaia Miranda gitarristarentzat eta Adrian Salinero pianistarentzat izan zen; biak ala biak Leioako Musika Eskolakoak. Argazkian, Amenabar eta Lopez sariak eskuan / © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!