Ekitaldiekin jarraituz, larunbaterako Korrika afaria antolatu dute Erandion. Berbots euskara taldeak aipatu duenez, ez da txartel askorik geratzen. Beraz, joan nahi duena La Plaza, Primera Linea, Elordui, Dandaka edo Goikolandako tabernara gerturatu beharko da, ahalik eta lasterren. Azkenik, igande eguerdian Korrikaren aldeko diru bilketa egingo dute Altzagan. Hitzordua 12:00etan jarri dute Jado kalean.
Biharko hasiera ekitaldiari dagokionez, Trebiñu herriko plazan, elizaren ondoan, izango da 17:00etan. Asier Amondo AEKren Arabako Artezkaritzako kideak eta Edurne Brouard Korrika 17ren arduradunak hartuko dute hitza. Txalaparta doinuen ostean, Argantzungo abesbatzaren saioa etorriko da, eta Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelketako irabazle izendatu berriaren bertsoa eta dantzarien aurreskua. Kale animazioa eta umeen txokoa ere ez dira faltako hasiera eguneko jaian. Trebiñuarrek lan handia egin dutenez 17. Korrika prestatzen, AEKko arduradunek ohoratu egin nahi izan dituzte, eta, herritarren ordezkari moduan, lehen kilometroa Gutxisolo euskara elkarteak egingo du. Trebiñu herritik 17:30ean abiatuko da Korrika. Argantzun aldera joango da, eta hara 18:30ean helduko da. Lehenago, 18:00etan, Añastron sartuko da. Gero, berriro emango du buelta Trebiñurantz. Hasiera ekitaldia Trebiñu herrian izango bada ere, jaiak Argantzunen izango du segida. Beste herri horretan, 19:00etatik aurrera, kontzertuak egongo dira, Aske, Herrikada, Gose eta Betagarri taldeekin.
Apirilaren 16rako Uribe Kosta eta Erandioko Korrika ordutegiak:
• 08:23:00, Erandio Landa
• 08:52:28, Erandio
• 09:38:37, Leioa
• 10:11:07, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta
• 10:37:46, Algorta eta Getxo
• 11:25:25, Berango
• 11:39:43, Sopela
• 12:10:55, Urduliz
• 12:27:10, Plentzia
• 12:38:13, Barrika
• 12:59:40, Gorliz
• 13:25:40, Lemoiz