Leioako Udalaren Etxez Etxeko zerbitzuak 84 etxebizitzetan lan egin zuen joan den urtean. Orotara, 91 pertsonei arreta egin zien, horietatik 67 emakumeei eta 24 gizonei, tokiko iturriek zehaztu dutenez.
Lagunduz enpresak egindako txostenaren arabera, 31.935 ordu arrunt izan ziren zerbitzu horrek lan egindakoak, eta 63 berezi. Erabiltzaileen profilean gora behera asko ematen dira urtean zehar, udal arduradunek diotenez. Hori horrela izanik, iaz 10 alta izan ziren eta 14 baja. "Azken horiek erabiltzaileak erresidentzietara joaten direlako edo hiltzen direlako ematen dira gehienbat", azaldu dutenez. Dena dela, 15 etxeetan emandako zerbitzua indartu egin zen iaz. Datu horiek mantentzeko edo hobetzeko asmoz Leioako Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu, zerbitzu horren kalitatea handitzeko. 820.000 euroko aurrekontuarekin, gaur egun ematen diren zerbitzuak mantenduko ditu, baina beste batzuk indartuko ditu, adibidez: prestakuntza eta botiken dosifikazio pertsonalizatuaren sistema, garabiak edota mota horretako aparatuetan oinarritutako laguntza teknikoa (6.000 euro urtean), urtero 30 orduko medikura joateko laguntza (ordutegiaz kanpo), garbiketa lanak... Argazkia: © Leioa.net.