Medikuntzako itxialdiaren kronika:
Medikuntzako 95 ikasle apirilaren 5ean eta 6an itxialdian izan gara Leioako campuseko fakultatean. Gure helburua oso argia izan da: ikasketa euskaldunak burutu nahi ditugula eta eskubide horren bermea EHUk eman behar digula aldarrikatzea.
Bi egun hauetan honako ekintzak egin ditugu:
- Itxialdia apirilaren 5eko eguerdian hasi genuen, Mikel Laboa plazan kontzentrazioa burutuz 13:00etan.
- Bazkalostean denontzako kamiseta berdinak margotu genituen eta elkar-ezagutza jolasak egin genituen itxialdian parte hartuko genuen ikasleon artean.
- Jarraian talde txikitan banatu eta euskararen egoerari buruzko mahai-inguruan parte hartu genuen. Talde txiki guztiak batu ondoren, ateratako ondorioak elkarrekin partekatu genituen.
- Afalondoren osasun publikoari buruzko mahai-ingurua burutu genuen.
- Apirilaren 6an, goizean goiz jaiki eta Leioara heltzen diren autobusak zein autoak geratu ditugu, 2.000 eskuorri banatu ditugu eta gure egoerari buruzko informazioa zabaldu dugu.
- Gosaldu ondoren, irakasleekin egoeraz hitz egin dugu eta dekanotza aurrean kontzentrazioa burutu dugu.
- Azkenik, kalejiran joan gara fakultatez fakultate, itxialdiari Mikel Laboan egindako kontzentrazio batekin amaiera emanez.
Bi egun hauetako eztabaidetan ondorio nagusi batzuk atera ditugu, gure ustez medikuntza euskalduntze bidean jarriko luketenak:
- EHUk irakasle euskaldunei mugikortasunerako erraztasunak eman beharko lizkieke.
- Euskarazko matrikulazioaren jaitsierari erantzuteko egoki ikusiko genuke euskarazko plaza kopuru jakin bat mugatzea, gutxi gora behera plaza kopuru bera euskaraz zein gazteleraz. Honela, bermatuko litzateke euskarazko matrikulazioaren mantenua eta, era berean, baliabide gehiago bideratu beharko lirateke ikasle kopuru hau mantentzeko.
- Uste dugu beharrezkoa dela ikasle, irakasle zein langileak barne hartuko dituen batzorde baten osaera, euskalduntzearen jarraipen zehatza egingo lukeena eta dekanotzaren menpekoa izango ez litzatekeena. Beharbada, Osakidetzako medikuek ere parte hartu beharko lukete.
- Azkenik, EHUko medikuntzako dekanotzari konpromiso zehatzen onarpen publikoa exijitzen diogu. Hau da, euskalduntze bidean zein pauso emango diren behingoz zehaztu dezatela.
Itxialdiaz egiten dugun behin-behineko balorazioa ezin hobea da, ikasle askok parte hartu baitu neurri zehatzak proposatuz.