Getxo Kirolak erakundeak 1.700 toki baino gehiago eskainiko ditu uztailean eta abuztuan, bazkideentzat antolatuko dituen ikastaroetan. Programazioan sartuta daude xendazaletasun eta abenturako ikastaroak, tenisa, padela, haurrentzako kirol-jarduerak eta igeriketa, udal iturriek zehaztu dutenez. Denboraldi honetan, lehenengoz, Kirolet@n izeneko ikastaroa egingo dute abuztuan, nerabeek kirola egitea sustatzeko asmoz. Ikastaro horrek barne hartuko ditu, besteak beste, batuka, surfa, tirolina eta skate eskolak. Aurreko urteetan bezala, izena emateko hurrenkera zozketa bidez erabakiko da. Hori dela eta, maiatzaren 13ra arte, familia bakoitzak zenbaki bat jaso ahal izango du Algortako Fadura edo Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegiko bulegoetan, maiatzaren 17an goizeko hamarretan Faduran jendaurrean egingo duten zozketarako. Argazkian, hainbat lagun tenisean Gobelan / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!